Pianoa alboan eta «lagunez inguraturik» aurkezu du Garazi Esnaolak 'Ez gaude hemen', hitz gutxirekin mezu asko duen lana
17/10/2026 Actualizado a las 07:09h.
Instrumentu eta oholtza aretan beteranoa da jada Garazi Esnaola (Lizartza, 1992). Urteak dira jada lehen aldiz piano batera gerturatu zela, baina ez du sekula alboratu. «Gainezka nagoen egun horietan edo bira oso luze batena ondoren terapia puntu bat ere badu», aitortzen du. Talde mordoetan aritu da eta, horri esker, ez dira estilo gutxi landu dituenak: 3gabe2, Margot, Eraul, Izaro, Janus Lester, Gartxot (biko formatuan), Estitxu Pinatxo... Edota Idoiarekin elkarlana 'Viejo refraneron'. «Eta bada gehiago», dio barre artean. Orain, esperientzia hori eta «esan nahi nuena» batu ditu 'Ez gaude hemen' diskoan. Donostiako bi egunak saldurik, beste lau zita ditu Gipuzkoan: etxean Lizartzan, urriaren 24an; Tolosan urriaren 30ean, 31n Irunen eta Arrasaten azaroaren 6an.
–Talde askotan egona zara, eta guztietan sormen-prozesuan inplikatzea gustatu izan zaizu.
–Bai, beti kuriositatea piztu dit.
–Orain bakarkako proiekturako egokitu zaizu. Esperientzian gozatzeko aukerarik izan da ala zure burua zuzentzea egokitzen denez ez?
Asko gustatzen zaidan prozesu bat da, bai. Eta horregatik egon naizen taldeetan sormenaren zati horretan hartu dut parte. Nire kasuan oraindik gehiago gozatu dudala esango nuke, nahiz eta gerora zure izena eraman behar duen lan batean erabakiak hartzeko unean dena zure gain erortzen denNiri proposamenak egitea, 'hau probatuko nuke' esatea asko gustatzen zait eta, beraz, ekoizpen-prozesua asko gozatzen dut. Kasu honetan, gainera, lagunduta egin dut. Jokin Pinatxo egon da nirekin, urte luzetan egin dugu elkarrekin lan eta Janus Lesterreko azken bi lanetan alderantziz izan dira rolak, piano soilean zeuden kantu horietan geruzak gehitzen eta aldatzen joatea. Nik pianoan bakarrik idazten ditut eta niretzat jolastea bezala da, asko gozatu dut prozesua. Ondo lagunduta zaudenean oraindik erosoagoa da. Konfiantzazko giro batean izan da eta ez dut arazorik izan.
–«Barruraka egindako» diskoa dela diozu, baina aldi berean «elkarrizketa sortzeko asmoarekin». Aipatzen zenuen jolasetik ere bada hor. Egia da pertsonalak gehiago konektarazten duela, entzuleak oihartzunak izan ditzakeela, baina asko biluzten zara musikalki eta lortu ezean kolpea handiagoa da. Lehen feedback-a izanda, pertsonalki, sareetan zein zuzenekoetan, zein da balantzea?
–Oso harrera ona eta beroa jaso dut. Maitasun asko jaso dut kantuen inguruan eta jende askok esan dit lortu duela abesti horietan beste leku batean sentitzea, une edo arnas hori hartzea. Hori ere bazelako disko hau, barneranzko bidaia horretatik atera eta begirada gizartera ematea. Hasieran etorri zitzaidan ideia edo diskoaren izenburua 'Ez daude hemen' zen. Eta hor zeintzuk, ezta? Gizarteari egiten diogun kritika da, badirudi gizarteaz hitz egiten ari garenean kanpoko norbaitetaz ari garela eta ez gure buruaz, baina gizarteaz ari bagara guk ere badugu ardura. Horregatik da 'Ez gaude hemen', zintzoagoa iruditu zitzaidan ni ere barnean sartzea. Egon eta ez egon. Diskoak geruzetan jolasten du: pianoa agertzen eta desagertzen da, isiltasuna hor dago... Kontzeptua bueltaka dago eta esaldia hortik doa, nahiz eta barneranzko bidaia izan kanporako begirada badago. Eta gonbidapena ere bada barneranzko bidaia horretan parte hartzeko. Norberak berea, noski (barreak).
–Dei hori letren bidez egin daiteke, baina zure kasuan agerpen eta desagerpen bidez eskatzen duzu. Edo ahotsa igoz.
–Niretzat adierazteko modu bat da. Barneranzko bidaia bada bakarrizketa ere eta garrantzia du zein abiaduratan hitz egiten dugun, nola entonatzen ditugun gauzak, non egiten ditugun geldialdiak, zein puntutaraino geratzen garen... Pianoa antzeko zerbait da, komunikatzeko modu horretan isiltzean denean arreta deitzen du. Diskurtso batean zerbait potentea botatzen duzunean eta geldiune bat egiten duzunean ideia hor amaitzen dela adierazten dela. Horrekin jolastu nahi izan dut.
– Pianoa zure ibilbidean oso garrantzitsua izan da. Orain bakarka ia taldekide duzu. Zer da pianoa? Antton Valverdek zioen eszenatokian babesleku zuela.
– Babeslekuarena ez da txarra, baina niretzat adierazpide nagusia da, komunikatzeko tresna nagusia. Askotan aipatu dut, gauza batzuk esateko hitz egin edo jendaurrean aritu baino nahiago ditut pianoaren bidez esan. Etxean berriz hausnarketarako leku bat da, beste gauza batzuetan pentsatzeko. Bizi garen erritmoan beste batzuentzat kirola den bezala beste ideia horiek geratzeko modua, niretzat pianoa da lekua edo momentua. Gainezka nagoen egun horietan edo bira oso luze batena ondoren terapia puntu bat ere badu.
–Abiadura horrek sormen-prozesuetan ere badu eragina. Zure kasuan aipatu duzu irakaskuntzatik hartutako eszedentzia baliatu zenuela idazteko. Ez zara artista bakarra halakoak baliatu dituena, asko dira gurpiletik irteten direnak sortu eta itzultzeko.
–Bai. Sortzeak hausnartzea dakar, lasai egoteko eta pentsatzeko denbora behar duzu. Etengabe geratu gabe gabiltzan abiadura honetan oso zaila da. Prozesu bat ixtea behintzat, Bestelakoa da tartetxo bat hartu eta zerbait txikia, esaldi bat, sortzea. Baina lan batek eskatzen duen osotasun eta koherentzia lortzeko denbora eta espazioa behar dira. Nire kasuan eszedentzian nengoela okurritu zitzaidan diskoa egitea. Ideia batzuk errepikatzen hasi zitzaizkidan eta 'hemen bada zerbait' ikusi nuen, azkenean diskoan bilakatu dena. Modu naturalean ateratzen joan da. Urtarrilean diskoa grabatu nuenean ez nuen pentsatzen zuzenekorik egitea. Niretzako zerbait zen, kapritxo bat, nire izenean zerbait gordeta izatea, eta gero ikusiko nuela. Lagunen artean entzunda esan zidaten 'hau nola ez duzu aterako' eta horrek animatu ninduen. Prozesua lasai egin nahi nuenez nuenez udazkenerako pentsatu nuen. Gainera, ez nuen udako jaietan saltoka aritzeko disko bezala ikusten, diskoak udazken kutsua duelako, barnera begira jartzen garen garaia.
Tartea luzea egiten ari zenez pentsatu nuen 'Haltzak Dardarka' ateratzea udazkenean zer zetorren aurreratzeko. Bideoklipa ere Maitane Camposekin gurasoen etxean grabatu genuen kamera zahar batekin. Agian ez zen marketin kanpaina onena izan (barreak). Pare bat lekutatik deitu zidaten eta animatuko nintzen kontzertu bat ematera eta leku zoragarriak ziren, Oñatiko lorategiak eta Bermeoko Talako kantinan itsasoari begira. Gainera, nituen zalantzak argitzeko aukera ona zen: aurkezpen aurretik zein set eramango nuen, bakarrik ala norbaitekin, etab. Nahiko argi nuen bakarrik egingo nuela, behintzat lehenengoa, niretzako erronka zelako hala defendatzea eta erronkak gustatzen zaizkidalako. Barruan jotzeko musika ikusten nuen, baina isiltasunak errespetatu ziren eta pila bat gozatu nuen, oso hurbilekoa izan zen.
–Marketinarekin asmatzea ere ez da erraza musika-industriak bizi duen aldaketa aroarekin. Bideoklipak balio duen ala ez, promoak merezi duen ala itota dagoen entzulea...
–Zaila da, bai. Ni nire kasuan ez naiz ez sareen oso zalea ez oso jaioa. Naturalki ateratzen joan zaidan heinean egin dut. Gezurra esango nuke udazkenena bakarrik jo nahi dudala esango banu, hobe funtziona dezakeelako egin dut. Ez dut halako presiorik sentitzen, badakit ez dela irratian egongo den pop musika, ez dut hortik idatzi ez helburu horrekin. Banabil hor murgilduta dauden proiektuetan, hau gehiago zen autojustizia disko bat, egin deten lan bat argitaratu nahi nuena. Gustatzen bada ongi eta bestela aurrera, prozesuan bizitakoarekin ni jada pozik nago.
–Sorkuntza hainbeste gustatuta eta ordenagailuak dena sartzeko aukera ematen dutela, haur bat laborategian sartzea bezala da. Ate asko izanik askatasuna eman diozu zure buruari ala blokeoa sortu dizu? Gero kentzeak lanak eman ditzake.
–Prozesuan abestia guztiz soiletik hasten da eta gero elementuak gehitzen noa, zein puntutan zer jarri aukeratzen. Baina kantu bat idatzi edo imajinatu dudanean nahiko argi izaten dut non kokatu eta zer adierazi nahi dudan. Aurrera egin ostean atzerako joerak badira, baina egongo ziren instrumentuak eta lortu nahi nituen soinuak argi nituen.
–Bilakaera abestiak berak ere badu. Esaterako 'Ilunpetan', bukaera argitsuarekin. Kontzeptutik eraikitzen duzu ala melodiak zaramatzara ideiara?
–Denetarik dago, baina normalean melodia antzeko zerbait dut kontzeptu batekin lotua. Edo testu erdi idatzi bat edo irudi bat. Eta gero hori garatzen noa. Baina prozesua beti ez da lineala. Jotzen sotzen dut, normalean lehenik melodia dago, nire buruan irudi bat duena, eta kokatzeko hitzak jartzen ditudanean konkretatzen dut zertaz ari naizen edo zeri jotzen edo kantatzen diodan. Beste batzuetan ez zait gustatzen hainbeste konkretatzea eta jotzean nik modu batera interpretatzen dudan bezala entzuleak beste modu batera interpretatzea nahi dut, zure irudiak egitea. Entzule bezala niri hori ere gustatzen zaidalako, ez kontatzea dena. Kostatzen zait neurtzea, baina horrela entzunaldietan geruzak deskubritzen zoaz eta jolas hori gustatzen zait. Zuzenekoan bai kontatuko dut nire irudia.
–Disko soila eta minimalista dela esan daiteke. Baina atentzioa eskatzen du. Pianoak badu fondoko bezalako irudi hori. Kontzienteki ala inkontzienteki pianoaren aldarrikapenik dago?
–Gehiago da ni eroso nagoen instrumentua dela, kantautore batentzat hitza den bezala. Saiatzen naiz ditudan baliabide eta gaitasunen artean horiek erabiltzen zerbait adierazteko, koloreen paleta bat izango banu bezala.
| # | Наименование новости | Тональность | Информативность | Дата публикации |
|---|---|---|---|---|
| 1 | Garazi Esnaolak irekiko du aurtengo Kulturaldia larunbat honetan | 0 | 9.07 | 21-10-2026 |
| 2 | «Musika bezala saretzea beti da ona eta behar dugu» | 0 | 10 | 17-10-2026 |
| 3 | Getariako itsas parrilla balioan jartzeko ekimena igandean | 0 | 5 | 20-07-2026 |
| 4 | BIDEAN BAT GARA | 0 | 8.08 | 19-10-2026 |
| 5 | Sorkuntza | 0 | 24.41 | 21-10-2026 |
| 6 | "Gure irudia zen mezua: zazpi lurralde eta zazpi gorputz euskararen inguruan bat eginda" | 0 | 8.1 | 20-08-2026 |
| 7 | Nun lelo galduak? | 0 | 8.62 | 08-10-2026 |
| 8 | Jolas libreari garrantzia emanez, eta doan, hasi du ikasturtea ludotekak | 0 | 8.92 | 23-10-2026 |
| 9 | Teknikarien grebak arrastoa utzi du Gasteizko jaietan | 0 | 8.82 | 05-08-2026 |
| 10 | Elizalde Eskolak bertso bazkari autokudeatua antolatu du | 0 | 9.03 | 30-09-2026 |