Musika, dantza eta euskal tradizioak izango dira Kalean Kantuz ekimenak ostiralean abiatuko duen Euskal Jaiaren protagonista nagusiak
Jabi Leon
23/09/2026 a las 17:38h.
Debako herriak bere euskal nortasuna aldarrikatzeko eta euskal kultura, ohiturak eta herri-adierazpenak balioan jartzeko irailaren amaieran urtero antolatzen duen Euskal Jaiaren edizio berri bat ospatuko du larunbat honetan.
Urtero legez, Udalak eta Zuhatza euskaltzaleon topaguneak ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute jai-egun handi honetarako, nola ez, herriko elkarte, talde eta eragile ezberdinekin elkarlanean.
Hori bai, Debako 2026ko Euskal Jaia larunbatean ospatuko bada ere, ekitaldiak ostiral arratsaldean hasiko dira; Kalean Kantuz ekimenak herrigunea girotzen joateko 19:30etik aurrera eskainiko duen kalejira batekin, hain zuzen ere.
Larunbateko osagaiakAurreko edizioetan bezala, aurtengo Euskal Jaiak adin guztietako herritarrentzako ekintzak eskainiko ditu larunbatean zehar, eta tartean izango dira txistulariak, joaldunak, dantzariak, trikitilariak eta hainbat kultur ekitaldi, herriko kaleak eta plazak jai-giroz betez. Nola ez, Segurako talo preziatuak dastatzeko aukera ez da faltan izango Plaza Zaharrean, goiz osoan zehar.
Euskal Jaiaren egitarauari hasiera ona emateko HH5 eta LHko ikasle guztien partaidetzari irekita egongo den pintxo lehiaketa abiatuko dute (10:00etan) Kioskoan, Kolore Anitz taldeko hezitzaileen eskutik.
Leku berean ere, Euskal Jaia eta Debarekin erlazionatutako jolasak eta mural margoketa jarduera izango dira, HH5eko neska-mutilen partaidetzarekin.
Bestalde, musika tradizionalak Debako kaleak girotuko ditu goiz osoan. Lehenik eta behin, Kalez kale txistularien taldeko kideak arituko dira, 11:00etatik aurrera, herrian zehar. Jarraian (11:30ean hasita) egun berezi honetan urtero Debara bertaratzen diren Zubietako joaldunen txanda izango da; eta 12:00etan, Gure Kai euskal dantzari taldeak eta Musika Eskolako dantzariek kalez kale eskainiko dute beren emanaldia.
Edonola ere, bazkaldu aurreko emanaldiak ez dira hortan geratuko: 13:30ean, trikitilariek jarraituko dute herriko kaleak alaitzen, euskal musikaren doinuak zabalduz.
Goizerako prestatutako osagai ezberdinak sukaldatuta, Aldats pilotalekuan egingo den bazkari herrikoia ren txanda izango da.
Urtero ehunka lagun biltzen dituen hitzordu hori 15:00etan hasiko da eta amaitzerakoan bertaratutakoek Laja eta Lutxurdio trikitilariek eskainiko duten emanaldi batekin gozatzeko aukera izango dute.
Jai-giroak aurrera jarraituko du 18:00etan, Debako festetan ezinbestekoak diren buruhandien kalejira batekin. Ondoren, 19:00etan, Debrass taldeak herriko kaleak zeharkatuko ditu bere ikuskizunarekin.
Euskal Jaiari amaiera emateko, Ahantzi taldearekin erromeria izango da Foruen plazan. Ekitaldi hori 23:00etan hasiko da eta berarekin emango zaio amaiera euskal kulturaren ospakizun egunari.
Antolakuntzak herritarrak animatu nahi ditu jai honetan parte hartzera eta baserritarrez jantzita joatera, ospakizunari giro berezia emateko eta euskal ohiturak eta tradizioak balioan jartzen jarraitzeko. Gonbidapena luzatuta dago.